2012/01/05

"Zaintza akatsek" eragin zuten 'Motxo' arrantzontziaren istripua

Egilea Baleike, Noiz: 2012-01-05 20:46, Atala : Ingurumena PDF Inprimatu Bidali lagun bati

Itsasoan gertatzen diren istripuak ikertzen dituen Espainiako Sustapen Ministerioko CIAIM erakundeak gaur egin du publiko Motxo arrantzontziaren istripuari buruzko ikerketaren emaitza. Ikerketak baztertu egin du arrantzan ari zirenik, eta istripuaren arrazoia ziurrenik "zaintza akatsak" izan ziren. Bestalde, gogor kritikatzen ditu ondoren arrantzontzia erreskatatzeko egindako saioak.
-Txostenak dioenez, "istripua gertatu zenean, patroiak eta zubian lanean ari zen beste marinelak 11 ordu zeramatzaren zaintzan, eta ziurrenik nekaturik, asperturik edo distraiturik egongo ziren", eta horrek zaintza behar bezain zorrotza ez izatea eragin zuen. "Errutinak eragindako segurtasun sentsazio faltsua, nekea, eta arrantzontziaren benetako kokapenari buruzko uste okerra" ere aipatzen dira ikerketako ondorioetan. Giza akatsak, azken finean.
-Ikerketak jasotako datuen arabera, ez da sinesgarria olatu handi batek sareak uretara bota, helizean kateatu, motorra geldiarazi eta ondorioz itsasontziak harraldean hondoa jo izana.
-Larrialdietarako zehaztuta dauden irrati bidezko prozedurak ez zirela bete ere badio txostenak.
Ontziaren erreskateari dagokionez, gogor kritikatzen ditu hartutako neurriak. Hau dio azken ondorioetan:
-Erreskate operazioan agerian gelditu ziren antolaketa, formakuntza, erabakiak hartzeko eta ardurak onartzeko gabeziak.
-Erreskatea gidatuko zuen autoritate arduraduna ez zen  zehaztu.
-Erreskatea gaizki definitu, planifikatu eta gauzatu zelako irauli zen arrantzontzia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario